Ikasketetatik tailer propiora
OIHANA UGARTE IRIARTE
Ikasketetatik tailer propiora
OIHANA UGARTE IRIARTE
Tartalo serigrafiatik
Oihanartean grabatuetara
1998an sortu nuen Tartalo, nire sormena serigrafiaren bitartez oihalean estanpatzen hasi nintzekoa, eta urte hartatik aurrera nik diseinatutako janzkiak Euskal Herriko artisautza-denda eta azoketan ezagutarazten ibilia naiz. Hasiera apal hark izan zuen, hain zuzen, nire ibilbide artistikoaren oinarria.
Deba herriko arte eskolan hiru urtez formatu nintzen Kobre Gaineko Aguafuertean J.Luis Baroja Collete artistarekin eta ikasketa hauen ondorioz ” Grabatu kalkografiko espezialitatean” titulua eskuratu nuen, nire sormen-lanari behar zuen oinarri teknikoa eta ofizioarekiko balorea emanez.
Gaur egun Emakumeak Ahalduntzeko Jabetza Eskolatan linoleo gaineko grabatu tailerrak ematen ditut. Ikastaro hauek eta nire sormen lana uztartzen noa egunez egun: lehenengo nire tailer propioan (sortze prozesuaren barruan), eta ondoren Tolosako dendan (obren erakusketa eta salmentan).
Ofizio bat baino gehiago
Grabatua ez da teknika hutsa; kolorez, pazientziaz eta xehetasunez osatutako hizkuntza bat ere bada. Egunero ikasten jarraitzen dut, eskuek beti baitute zerbait berria erakusteko.

Tailerrean pentsatu, diseinatu, estanpatu… eta dendara!
Nire tailerra sorkuntza-prozesu osoa gauzatzen den lekua da, ideiaren lehen zirriborrotik estanpa amaitua ikusi arte. Hemen, presarik gabe, grabatu bakoitzari behar duen denbora eskaintzeko aukera dut, xehetasun bakoitza landu eta emaitzak benetan asetzen nauen arte.
Grabatuaren hiru teknika nagusi lantzen ditut, bakoitzari bere izaera eta erritmoa emanez. Kobre gaineko aguaforteak xehetasun eta finezia handiena eskatzen du; egur gaineko grabatu xilografikoak testura eta indar berezia ematen dio estanpari; eta linoleo gaineko grabatuak, berriz, trazu organiko eta ausartak ahalbidetzen ditu. Hiru bideek helburu bera dute: ideia bat, pausoz pauso, irudi bizi bihurtzea.
Lan honen guztiaren emaitza nire dendan ikusi eta erosteko aukerarekin, prozesu osoaren azken urratsean.
Prozesuan dago gakoa…
Askotan pentsatzen dut emaitza baino garrantzitsuagoa dela bidea. Grabatuan, ale bakoitzak bere denbora eskatzen du: marrazketa, plantxaren prestaketa, tinta, presioa… urrats bakoitzak hurrengoa baldintzatzen du, eta ezerk ez du presarik onartzen.
Hain zuzen ere, hor dago sorkuntzaren edertasuna: xehetasun txiki bakoitzak eskatzen duen lana.
Teknika bakoitzak — aguaforteak, xilografiak eta linoleoak — bere erritmoa eta erronka propioak ditu, eta horrek etengabe ikastera behartzen nau, egokitzen jarraitzera. Ez dago bi ale berdinik, ezta prozesu berdinik ere; horregatik da hain aberasgarria niretzat lan hau.
Arte-lan bat ez da azken irudia soilik, atzean dagoen ibilbide osoa baizik: ordu isilak tailerrean, hausnarketak, saiakuntzak eta pazientzia. Prozesu horretan sinesten dudalako egiten dut lan honela, geldiro eta arreta osoz, pieza bakoitzak merezi duen denbora emanez.






